XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKARA IKASTEN HASTEN DA

Batzuetan nahasiak eta korapilatsuak izaten dira kausa-ondorioen hariak. Aita frankista izatea pisu mingots eta nolabait lotsagarria zuen Gabrielek, gainerako senideen abertzaletasuna kontuan izanda. Berak aitortzen zuenez, aitaren erru hori nolabait garbitu nahiak bultzatu zuen bera euskaraz ikastera. Hasi ere, 12 urterekin hasi zen, bera bakarrik eta metodorik gabe; autodidakta gisa, beraz.

Egia esan, ez zen batere erraza 1950.eko hamarkadan, non eta Bilbon, norbaitek bere kontutik euskara ikastea inolako gidaritzarik izan gabe. Alde batetik, gure literatur hizkuntza oraindik euskalkitan zatikaturik zegoen, bizkaiera eta gipuzkera nagusiak izanik. Bestalde, frankismoak euskararen inguruko arazoak askatasunez eztabaidatzeko inolako aukerarik uzten ez zuenez, gerra aurreko garbizalekeria-giroak nagusi zirauen oraindik, irtenbide egokiagorik ezagutu gabe. Eta euskara latinetik ez zetorrenez gero, garbizalekeria tentazio nabaria izaten zuten orduko euskaldun berri guztiek.

Gabriel Euzkeltzale-Bazkuna elkartearen Método gradual para aprender el Euzkera izeneko irakasbide hiperpuristaz baliatu zen, sinets ezineko proposamen irrealak euskara jatortzat eskaintzen zituen irakasbideaz. Arestik berak kontatzen zigunez, behin Debara joan eta bertako jatetxe batean arrautza elia gaimelduta eskatu omen zuen, arrautza frijitu pare bat eskuratu nahirik. Eta zerbitzariak honela erantzun omen zion: Barkatu jauna, baina hemen ez dakigu alemanez. Horrela konturatu zen, antza, liburuko hizkuntza artifizial hartatik irten eta herriko euskarara hurbildu beharra zuela, herriko jendearen ohiko mintzaira eredu harturik.

Euskara ofiziala ez zen eta inolako onespen sozialik ez zuen garai hartan, zaila izaten zen, benetan, maisu egokiak aurkitzea.